XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Boskarren kapitulu horretan, konklusioetan ere labur bilduko diren ideiak sendo eta aberats irakur daitezke.

Liburuaren azkenetan, Sofres-en audientzia ikerketa koantitatiboetan ez bezala, kontsumo hori zelakoa den erakusten da.

Gainera, telebista ikusteko ohituraren nondik norakoak eta baldintzak (J.L. León-ek ere landu zuena) eta telebista aparailuaren zentralitatea (Roman Gubern-ek La mirada opulentan jorratu zuen modura) bere osotasunean ageri da.

Emakumezkoek, telebista ikus-entzule gisa ari direnean sentitzen eta pentsatzen dutena, beraien hitzetan irakur daiteke Garmendiaren idazlanean.

Hori da liburuaren zatirik koloretsuena eta interesgarriena.

Testuaren argumentuari ondo helduz, jostorratzekin bezala ehuntzen dira telebista ikusten duten emakumezkoen aburuak eta ausnarketak.

Irakurterraza bilakatzen da liburua eta mosaiko batean bezala emakume desberdinen iritziak bata besteaz aberasten da.

Lehen ere esan bezala, emakumezkoengan zentratzen da azterlana, eta horrek ematen dio ikerketari bigarren garrantzi puntua.

Egun emakumezkoek dituzten balditza sozialak, besteak beste, etxean zein kanpoan ere lanean aritzea, seme-alabak edukitzea, egiten duten aisialdiaren erabilera, gizon-emakumearen arteko desoreka soziala eta abarrei, telebistaren kontsumoaren ingurukoak gehitzen zaizkio: programazioaren kalitatea, gustu desberdinak, telebista kontsumo orduak, e.a.

Elementu hauen guztien pilaketa, gurutzaketa eta antolaketa, kausa-ondorioak eta emaitzak irakurgai daude Maialen Garmendiaren liburuan.

Emakumezkoek telebista asko ala gutxi ikusten duten bezain interesgarria delako nola ikusten duten jakitea.

Pantailan ageri diren irudiak bezain aberasgarria delako gure aldamenetara ditugunon nahiak, arreta, erosotasuna eta motibazioak ezagutzea. Bide horretan lagungarri izan daiteke ¿Por qué ven la televisión las mujeres?.